Apirilaren hasierako arratsalde hartan, autoan nengoen semea lanetik jasotzeko zain. Aurrean, sastrakez eta zuhaixkez zipriztindutako lursail bat zegoen. Begiak zabalik banituen, gogoa barruko nonbaiten zebilen. Bapatean, zerbaitek asmoen haria eten eta arreta kanpoko ikuseremura atera zidan.

Txoritxo bat zuhaixka baten adaxkatik adaxkara zebilen, ero ero. Kimuak fite miatuz, batzuetan mokokada baten keinua egiten zuen. Haren mugimenduei erreparatuz, ikasiak ziruditen. Ez zebilen ingurua begiztatzen , berrikusten baizik.

Banekien berak ez ninduela ikusten, autoko kristalaren islak ikusezin bihurtzen baitninduen. Hurbiltzea beharrezkoa nuen haren espezieari buruzko zantzuren bat izateko, nahiz eta jakin edozein keinuk uxatuko zuela. Aurreikusi bezala, atea irekitzeko lehen keinua egiterakoan, desagertua zen.

Zuhaixkaren aurrean kieto geratzen banintzen, bueltatuko zela itxaromendu nuen. Minutu pare bat pasata, lehen utzitako adaxka berean zebilen, ni haren gainean begiak kliskatu gabe jarrita. Noizbehinka, burua altxatu eta ingurua begiztatzen zuen. Baina berehala berera itzultzen zen, nire arintzerako. Epe labur bat pasata, nire nahigabeko keinutxo bat sumatu eta alde egin zuen berriro.

Sasitxori arruntaren neguko (urdinez) eta udaberri-udarako (horiz) banaketetaren mapa geografikoa.

Ikuskizuna bukatuta, zuhaixkara hurbildu nintzen gertutik aztertzeko: Sahats hauskara bat zen (goiko irudia). Lorez jantzia eta kimu batzuek esnatzen hasiak zituen. Gertutik miatuz, landare-zorri bat edo beste jada kimuentan ezarritak ziren.

Sahats hiledun landare-zorria bere kumeekin. Ikus Erreferentziak

Etxera itzulita, eta liburuen artean arakatuz, txoria gurean ohiko bisitaria zela baieztatu nuen: Sasi-txori arrunta (lehenengo irudia). Intsektu jale hutsa eta iaioa, ikusitako alea Afrikako hegomendebaldetik iritsi berria behar izana zen (ezkerreko irudia). Gurean geratzeko edo iparraldeko bidean jarraitzeko asmorik ote zuen ezin nuen asmatu. Edozein kasutan, sahatsetan zertan zebilen argi zegoen.

Landare-zorri espezie espezialdu batzuek (azpi-eskuineko irudia) sahatsaren kimuen inguruan arrautzak kokatzen dituzte udazkenean, neguan bertan iraun dezaten. Haietatik landare-zorriearen ninfak dagoeneko jaio eta kimuetan egokitzen ari ziren. Sasi-txoriak zorrikume uxter horiek biziki ehiztatzen ari zen.

Sahatz hauskararen banaketa geografikoa. Zehaztasunak 3. erreferentzietan.

Hainbeste joan-etorri halako mokadu txiki-txikiez elikatzeko pena merezi al zion sasi-txoriari, galdetu nion nire buruari. Orduan kontutxo batzuk egin nituen (beheko erreferentzietan zehazten ditudanak). Sasi-txori baten pisua eta landare-zorriaren pisuaren arteko erlazioa, nire pisua eta tamaina ertaineko muskuilu batenaren parekoak dira. Beraz, handik honako lanetan, sasi-txoriak nahiko elikagai eta kaloriak lortzeko aukerak ditu bere eguneroko beharrak asetzeko, baita bere migrazioan hurrengo urratsa hegaz betetzeko ere. Bere ibilbidean, ez zaio zorriak dituzten xuhaxkarik faltako ere, ezkerreko irudiak nahiko ugariak direla azaltzen baitu.

Hau guztia ikusi eta ikasi ondoren, agian, txoriburu hitzaren esanahiari buelta bat eman beharko genioke!

Hitz Bereziak

Sastraka: sasiez osatutako landare masa

Zuhaixka: zuhaitz bat baino txikiagoa den landarea

Zipriztindu: likido baten tantaz tanta modura zabalduta

Landare-zorri: landareei ezartzen zaien intsektu mota bat da. Laufarren irudian erakusten dena.

Uxter: samur, jateko erraza

Erreferentziak

1. Sasi-txoriaren kanta esteka honetan entzun dezakezu.

2. Sasi-txoriaren bideo bat

3. Sahats hauskarak bi subespezie ditu: S. cinerea subsp. oleifolia (mapan, laranja), gurean ugariarena, eta S. cinerea subsp cinerea (berdea).

4. Zorrien arloan, badaude espezie batzuk sahatsetan espezialduak daudenak. Haien artean, Pterocomma pilosum(irudian agertzen dena) eta Tuberolachnus salignus (zorri erraldoia). Bi zorri espezie hauek sahatsen azalean arrautzak jartzen dituzte, hurrrengo udaberrian zuhaxka berriro infektatu ahal izateko. Collins, C.M., Rosado, R.G. & Leather, S.R. (2001) – Annals of Applied Biology. The impact of the aphids Tuberolachnus salignus and Pterocomma salicis on willow trees..

5.Sasi-txori batek (13 g kontsumitutako zorri baten (1.5 mg) harrapakin-masa erlazioa 8.700:1 ingurukoa da. Beraz, 70 kg-ko gizaki baten eskalan, 8 g inguruko pisua duen elikagai-artikulu baten baliokidea da. Gizakiari dagokionez, ostra txiki bakar baten masa hezeari estuki dagokio, eta haren konposizioa zorriaren analogo biologiko egokia bihurtzen du.

Oharra: Lan hau Hondarribiko Udaleko Euskara zerbitzuaren laguntzaz zuzendu da.

Siguiente
Siguiente

Taldeko Adimena