top of page
Search

Grebak, Txoriak eta Loreak

Updated: Jan 29

| 1 | 2 | 3 |


Hau Okupak serieko hirugarren sarrera da. Gipuzkoako udalerri batean lorezaintza-zerbitzuek udaberrian eta udan zehar egindako grebaren ondorioz, parkeak, lorategiak eta ibilbideak basatzen joan dira. Artikulu honetan ikusitako aldaketa deigarrienak, horien balizko arrazoiak eta hiriko berdeguneen kudeaketa jasangarrirako hausnarketak azaltzen dira.


Testuingurua

Hondarribia betidanik arrantzan ibilitako herria eta gune militar gisa ondare historiko nabarmena duen herria da, eta joan den mendearen hasieratik oporretako egonleku gisa finkatu zen. Pixkanaka, herria aldatzen joan zen, ondare historikoa berreskuratu, hondartza bat eta kirol-portu bat eraiki eta parkeak, pasealekuak eta kirol-eremuak sortu baitziren. Azken gune horien mantentze-lanak kontratatutako enpresen ardurapean egin dira. 2023ko martxoan, lorezaintza-lanetarako kontratatutako enpresako langileek greba hasi, eta lanak irailaren 20ra arte etengo zirela jakinarazi zuten.

Alderdi soziolaborala alde batera utzita, egoera horrek aukera eman digu kudeatu gabeko eremuetan gertatutako aldaketak ikuskatzeko eta hiriko berdeguneen kudeaketari buruzko gogoeta egiteko.


Aitzindarien Atoloia

Hiriguneetako azalera berdearen ehunekoa bizi-kalitatearen adierazletzat hartzen da. Horren ondorioz, berdeguneak proiektatu nahi izan dira espazio estu eta ez sakonetan, hala nola, espaloi zerrendetan, erdibitzaileetan, adarkatze falketan edo biribilgune txikietan. Sakonera eskas eta txikiko eremu horiek ura, mantenugaiak edo izaki bizidunen trukatzea eragotzita dute. Nolabaiteko uharteak dira. Horren guztiaren ondorioz, lurzorua, oro har, kalitate eskasekoa da, eta uraren edukian, desegonkor. Landare askorentzat murriztaileak diren baldintza horiek beste landare berezi batzuentzako aproposak dira. Horiek, harri-koskorretatik mikroelementuak meatu eta lehortea jasateko gai dira: Aitzindariak (ikus serie honetako lehen artikulua). Nik egindako Ikuskapen xume honen ondorioa hau da: zenbat eta txikiagoa eta eskasagoa izan eremua, orduan eta ugariagoak ziren landare aitzindariak. Hauek izan dira bistakoenak. Azpiko argazkietan, hurrenez hurren: Conyza sumatrensis, Symphyotrichum subulatum eta Cyperus eragostis.


Irudietan nabarmena da aitzindariek ezaugarri batzuk partekatzen dituztela: zurtoin tenteak eta hosto finak dituzte, lore txikietatik hazi txikiak eta ugariak sortzen dituzte, eta hazi horiek haizearen bidez zabaltzen dira. Ezaugarri horiek guztiek zentzua dute kontuan hartuta ez dutela argiaren alde beste landare batzuekin lehiatu behar. Gainera, hosto estuek ur gutxi lurruntzen dute. Aldiz, zurtoin luzeei ematen diete lehentasuna, altueran irabazi eta haziak leku sinesgaitzetara sakabanatu ditzan.

Aitzindariak ez dira hiriko berdeguneetan erraz ikusten sasi-garbitzeko makinen eraginez. Baina beraien berragertzea ezinbestekoa da oztopo arkitektonikoek fisikoki isolatutako eremuetan lurzoruaren kalitate eskasa egonkortzen dutenez.


Gramineoak Nagusi Diren Lurzoruak

Uhartetxo berdeekin alderatuta, soropil-eremu zabalagoek lurrean baliabideak trukatzeko aukera ematen dute. Horrek komunitate biologiko konplexuagoak sortzeko aukera ekartzen du. Elkarreragin aberatsagoak gertatzen dira bertan, lehia eta lankidetza barne. Gramineoak, tradizioz, larreetako landareak dira, eta aziendak etengabe horiek kontsumitzera egokituta daude. Gainazalean eroritako gorozkiak deskonposatu egiten dira eta lurzorua materia organikoaz elikatzen dute. Gramineoek sustrai-sare trinko bat osatzen dute bertan eta hori da aitzindarien aurrean arrakastaz lehiatzeko euskarria. Belarjaleek egindako kalteei gramineoek azkar ernaberrituz erantzuna ematen diete. Gramineo gehienek 30 cm arteko altuerako hostoak sortzen dituzte, baina euren buruxkak altuagoak dira (40-50 cm) haziak animaliei itsats dakizkien, eta horrela sakabana daitezen.

Hiri-inguruneetan, zeregin hori guk eta gure etxe-animaliek egiten dugu. Sakabanatze-sistemaren eraginkortasuna txakur jabeen protestek bermatu dute, greba-hilabeteetan zehar, egunero animalietatik haziak kentzen ibili behar izan baitdira.

Hauek dira gramineorik ohikoenak: Paspalum dilatatum (goiko irudian), Setaria viridis, Setaria pumila eta Digitaria sanquinalis.


Laguntzaileak eta Elkartekideak

Soropiletako gramineoen erabateko nagusitasuna benetakoa baino itxurazkoa da. Mozteko makinek belarra alfonbra gisa utzi zituzten egunetik bi astetara beste landare batzuen lehen kimuak agertzen dira, beraien argi eta lur kuota aldarrikatuz. Horrek lehia hutsaren itxura eman arren, benetan lehia eta lankidetza txertaketaren eredua jarraitzen du. Adibidez, Txikori-belarra, Katu-mihia (Ezkerrean) eta antzeko landareen sustrai sakonek mikroelementuak garraia ditzakete lurzoruaren sakoneratik lurrazaleko hostoetaraino eta haiek berea eman ondoren, usteldu eta lurzorua elikatzen dute inguruko landareen onurarako. Beste era batean, Uso-belar eta Hirusta (Ezkerrean) bezalako lekadunek airearen nitrogenoa finkatzen dute bakterioen bidez, euren lurzoru zatiaren truke.

Landare laguntzaile hauek ez dira ikusten errazak, ordea. Gramineoen arteko bidea ireki behar da azpian dagoen ikuskizuna aurkitzeko. Hirusta moreak eta zuriak, aipatutako Uso-belar, Txikoari-belar eta Urrebotoiak, horiz, edo lore zurizko Milorri eta Mandaperrexil landareak (beheko irudian).

Intsektuak ezkutuko lore horietara hurbiltzen dira, haien lurrin konplexuen usain aztarnaz gidatuta. Gerturatu ondoren, guretzat loreen edertasuna irudikatzen duten koloreek, haientzat, gurea baino espektro kromatiko zabalagoan ikusita, janarira bideratzen dituzten ikurrak dira.

Adibidez, jakina da kolore zuria gaueko polinizatzaileentzako bide-ikur eraginkorrena dela, hala nola, Sitsak (gaueko tximeletak), zuria iluntasunean gehien ikusten den kolorea baita.

Lerro hauen bidez, belardi natural batean berez ezartzen diren landareen aniztasuna erakutsi nahi dugu: intsektu polinizatzaile ugari erakartzen dituen ekosistema bat eratzen dute, belarjaleak eta harrapariak lagun dituztela, hala nola armiarmak, marisorginak, kakalardoak, etab..

Belardi zabalenetan egin ditudan sartu-irtenak direla eta, muskerrak eta ziraunak aurkitu ditut. Belardi naturalaren sistema ezartzeko azkartasunaren seinale da hori. Denbora gutxian, hontzak, belatzak eta miruak bezalako hegaztiak ager daitezke.



Argia Eskuratzeko Borroka

Landare apaingarriak gure gozamenerako hautatuta daude. Hautatze prozesuaren irizpideek ez dituzte lehenesten naturan bizi irauteko garrantzitsuak diren hainbat ezaugarri. Beraz, egoera basatian lagungarriak diren hainbat galtzen joaten dira hautaketa prozesuan zehar. Greba indarrean zegoen garaian egin nituen ibilaldietan ikusitako landare apaingarrien zaurgarritasunaren adibide batzuk azalduko ditut. Deigarrienak argiaren aldeko lehiarekin zerikusirik dutenak dira.

Hortentsia hiriko lorezaintzan erabili ohi den zuhaixka da, lore ikusgarriak dituelako eta erraz mantentzen delako. Baina kasu batzuetan, argiaren lehian espezializaturiko landareek nabarmen gainditu dute.

Beheko ezkerreko irudian, Ezkerte Zuri batek hortentsia erabat estali du. Erdikoan, Atxapar batek estalitako landare batean ageri da.

Eskuineko irudian, zuhaixka-espezie bizi batek (Phytolacca americana), beherago ere tratatzen dugunak, hortentsia erdigunetik zeharkatu du, altueran gainditu arte, eta gero hostotza gainetik zabaldu du.



Landareen Sakabanaketa eta Paisaia

Ramon Iribarren ingeniariak Bidasoa ibaiaren bokaleko bi aldeetan bi kai-mutur diseinatu eta eraiki zituen 1949an. Bokalean pilatzen zen hondarra ezkerraldera bideratuz, hondartza bat sortu zuen. Aldi berean, ibaiaren sakonera egonkortu zuen, eta hala nabigazio arazoak konpondu zituen. Hondarribiko bazterrean kai-muturraren hasierak Pinazi-pinuz landatutako berdegune bat inguratzen du (ezkerreko irudia). Zuhaitz handi haien itzalpean bainulari, ibiltari eta erromes ugarik hartu dute atsedena.

Sasiak garbitzeko makinak gelditu zirenetik, belardiak alfonbra berdearen itxura galdu eta zuhaitzen azpia landare berriek hartu dute. Horien artean ohikoena Mairu-belarra da (eskuineko irudia).

Tomatearen lehengusu basati horrek fruitu beltz txiki bat ematen du uda osoan. Fruitu berdeak solanina neurotoxina metatzen du. Heltzean, kolorea beltzera aldatzen da, eta, aldi berean, solanina desegin eta azukre, aminoazido eta konposatu lurrunkorren nahasketa erakargarriak pilatzen dira. Fruitua kontsumitzen duenak haziak kaltetu gabe digeritu beharko du mamia, haziak beste toki batean utziz.

Ezaugarri horiek ikusita esan daiteke fruitu honen jalea aurrez hautatua dagoela. Tamaina ertaineko hegaztiek (usoek, usapalek, zozoek eta arabazozoek) fruitua lurretik jaso eta aho zabalera egokia dute osorik irensteko.

Landareen kokapenera itzuliz, ilunabarrean pasealekua bisitatu nuenean, adarren arteko usapalak entzun ahal izan nituen. Argazkietan zuhaitz guztien azpian mairu-belarra atera da (azpiko irudia), batez ere enborraren oinarriaren inguruan.


Aurreko atalean aipatu dugun Phytolacca landarea ere agertzen da han eta hemen (ezkerreko irudia). Argazkiak oraindik argiago adierazten du hazia zabaltzeko mekanismoa.

Laburtuz, usapalek eta antzeko ezaugarriak dituzten beste txoriek tomatetxoak osorik erantsi eta zuhaitzetan gaua igarotzean, haziz kargatutako gorotza askatzen dute.

Pinuaren itzalpean, mairu-belarrak ernaldu eta hazteko aukera hobea du eguzkitsua diren lekuetan baino. Han gramineoen nagusitasuna erabatekoa baita.


Ondorioa

Sarrera honetan deskribatzen dena hiriko berdeguneen berezko birnaturalizazioaren lehen urratsa besterik ez da. Hortik aurrera, bide luze bat jarraitu beharko litzateke eremu orekatu eta egonkorrak lortzeko. Kasu honetan, ordea, urbanizazioak ezarritako oztopoek birnaturalizazio hori erabat mugatuko lukete.

Hiriko berdeguneak gizakien onurarako asmatuak dira. Airearen kalitatea, tenperatura, hezetasuna eta soinu arazoak moldatzen dituzte eta biztanleari bakearen sentsazioa sortarazten diote. Eremu naturalek paper berdintsua bete dezakete, baina deserosotasunak ekarri ere bai. Beste izakiekin “partekatu” behar dugu espazioa.

Bi eremu hauen aldeak hiru puntutan laburtu daitezke:

1) Hiriko berdeguneak gizakiaren beharretara egokituak daude. Kudeaketa etengabea behar dute. Eremu naturalak, aldiz, berez egokitzeko mekanismoak indarrean dituzte eta dinamikoak dira.

2) Hiriko berdeguneak bioaniztasunaren ikuspuntutik nahiko sinpleak dira. Eremu naturalak, berriz, anitzak eta konplexuak dira.

3) Hiriko berdeguneek ez dute kanpoko inguruarekin elkarreragin handirik. Naturalek, berriz, ezinbestekoa dute inguruarekiko konexioa.


Onartu beharra dago, beraz, hirietako berdeguneen antolaketa eta funtzionamendua ez datorrela bat naturarekin. Gure buruari egin behar diogun galdera beste bat da, ordea: Bada al dago hirietako berdegune jakin batzuetan bioaniztasun maila hobetzeko biderik?

Helburu hau lortuz, berdeguneak eremu naturalen arteko pasabideak bihurtuko lirateke. Gaur egungo hiri eta herriak aurretik eremu natural garrantzitsuak izandako lekuetan eraiki ziren. Haien arrastoak, nahiz eta urratuak, txikituak eta isolatuak izan, oraindik aurkitu daitezke. Eremu horiek babesteaz gaindi, kanpoko beste biotopoekin pasabidez konektatzea berreskuratze-lanetan oso lagungarria izango litzateke.

Hiri-ekologia, garapen handia erakutsi duen diziplina, hirien ondare naturalak aztertu eta kanpoko eremu naturalekin nola birkonektatu aztertzen du. Proiektu arrakastatsuak martxan jarri dira, hala nola, Gasteizeko Eraztun Berdea proiektu saritua (goiko irudia).

Goiko argazkiak erakusten du Berde ilunean natur guneak (Elementos núcleo), berdegune anitzak (Nodos, bi mota) eta pasabideak (Conectores, hiru mota).

Bada garaia ikur diren proiektu hauen itzala beste hirietara iristeko, geratzen diren eremu naturalen arrastoek bizirik iraun dezaten.

“Ezina, Ekinez Egina” dio esaldi zaharrak.

Hala jokatuz, naturak berea beteko du.


Erreferentziak

2) Hiri-ekologia azaltzen duen liburu bat.

3) Gasteizeko Eraztun berdearen proiektuaz informazio gehiago, hemen.

4) Euskal herrian berdeguneen kontserbazioan gehien lan egiten duen erakundea Ihobe da. Bertan informazio eguneratua aurkitu daiteke.

5) Etxeko belardia aberatsagoa eta iraunkorra mantentzeko, Cornell Unibertsitateko zerbitzuak aholkuak eskaintzen dute gune honetan (ingeleraz).

6) Hirien berdeguneetako kudeaketa profesionalaren inguruan, GUÍA DE LA INFRAESTRUCTURA VERDE MUNICIPAL 2019an argitaratu zen. Dokumentu astuna da, baina alorraren inguruan egin den lana sakonki jorratzen du.

7) Loreen koloreez, Wisconsineko Unibertsitateak argitaratu du intsektu mota desberdinentzat gustukoenak diren lore koloreak. Beste artikulu batean, azaltzen da intsektuek loreetan ikus ditzaketena.

Oharra: Lan hau Hondarribiko Udaleko Euskara zerbitzuaren laguntzaz zuzendu da.

Comments


HARPIDETZA

Harpidetu hitzaldi eta blogaren inguruko berriak jasotzeko.

Eskerrik asko harpidetzeagatik!

plant_edited.jpg
bottom of page