top of page
Search

Naturaren Balioa

Updated: Feb 4

Goiz hartan zalaparta artean esnatu nintzen. Caracaseko kanpoaldeko gure etxera itzuli berriak ginen, Evanston hirian, Illinoisen, bi urte eman ondoren, zeinaren uda kixkaliek eta negu izoztuek nire oroimenetik tropikoko oroimen guztiak ezabatu baitzidaten.

Leihora hurbildu nintzenean, itxura metalikoa zuen kolibri berde batek loreontzi esekien loreen artean ohiko bisitan zebilen. Lorategira irten nintzenean apoak beren ezkutalekuetan sartzen hasiak ziren, eta igel zuhaizkarek adarretan kokatzera zihoazen, adarraren azalaren tonalitate bera hartuz. Lorategiaren atzeko aldean, hormak ia gainditzen zuen sasitza estuari eusten zion.

Egun batzuk lorategian eman ondoren, eta amaren oharrak ahaztuz, etxearen atzealdea arakatzera irten nintzen. Landaretza itxi hartan zazpi urteko mutiko baten neurriko sarbideak ikusi eta ezin izan nuen kanpoan geratzeko agindua bete. Sartu ahala, ikuskizun berriak topatu nituen: kakalardo iridiszenteak, buru gorridun inurriak, burruntziak... Haiei jarraituz, soilgune txiki batera iritsi nintzen non erreka batek putzu txiki bat elikatzen zuen.

Han, kolore biziko arrain marratu txikiak alga finen artean sartu eta irteten ziren. Igeltxo txiki batzuk harrien gainean eserita zeuden. Geldi-geldirik geratu nintzen eszenatoki hari begira, eta denbora gelditu egin zen. Ezin nion gauza bakar bati erreparatu, baina, aldi berean, dena barneratzen nuen. Burruntzien hegadak eta errekaren jarioa besterik ez nituen entzuten.

Gertakaria esdeuztu egin zen nire izena amaren ahots urduriaren hotsetan ezagutu nuenean. Etxera itzuli ondoren, errieta egin zidan,"oihana" arriskutsua zela errepikatuz, eta leku hartara itzultzea debekatu zidan. Haren oharpen haserreek hunkitu egin ninduten, baina asmorik kendu…ez. Esploratzen harrapatzen ninduen bakoitzean, bere onetik at, zergatik desobeditzen nion galdetzen zidan. Handia eta ederra zen zerbait aurkitu nuela, eta oso hurbil sentitzen nuela, banekien. Baina ez nintzen hura azaltzeko gai.


Urte batzuk geroago, Hondarribian finkatuak ginela, nire miaketekin jarraitu nuen, baina ustekabeko gertakizun batek esperientzia horiez oso jantzia zen norbait ezagutzeko aukera eman zidan. Nire lehenetariko lagun batek osaba zahar bat zuen, mendiko baserri bakartu batean bakarrik bizi zena, Rufino.

Bere bizitza ia osorik han igaro zuen behi, ardi eta untxiekin batera. Rufinok pozik hartu gintuen, bi egunez handik hona bere mundua erakutsiz, gu berari lantza eman beharrean. Bata bestearen atzetik, istorioak azaldu zizkigun. Haren hitz-urritasun exotikoak kontakizunak jakin-minezko gatzez maneatzen zituen. Galdetzen genionean, orduan askatu egiten zen bere barne-bizipenak azalduz.

Bere azalpenek mundu berri bat adiera eman zidaten. Inguruan zeukan guztia erabili, ezagutu eta apreziatzen zuen. Landareen sustraiak, hostoak, fruituak... Animaliei eta zuhaitzei buruz ari zenean, bakarka aipatzen zituen, eta begirunez.  Bazekienaren zati handi bat ez zuela berak aurkitu aitortu zigun, halaber, sendabelarren erabilera, basoko produktuen aprobetxamendua edo baratze zaintzako lanen jardunbideak. Belaunaldietan zehar garatuak zirela gehienak (1). Arbasoentzat naturak balio existentziala zuen, eta harekin garatutako bizitza eta ikuspegia, beren nortasunaren parte zen.


Nerabetan, biologo izatea erabaki nuen, eta lortu ere. Asmatu nuela esango nuke, baina, denborak aurrera egin ahala, lanbidea eta motibazioa bide ezberdinetatik zihoazela ulertu nuen. Diziplina akademikoa metodo zientifikoan oinarritzen da, hau da, ikergaien elementuak banatu eta zatiak banaka aztertzen dira. Zatiak bakarka ulertu ondoren, haien arteko harremanak aztertzen dira eta ikasitakoa kontakizun logiko bat osatzen du (sinfonia bat osatzen duten notak eta musika-tresnak bezala, adibidez). Kontakizuna zaila izan bada ere, hitzen bidez helarazi daiteke. Transmisio hori gure aurrerapenaren funtsezko elementua suertatu da, noski.

Motibazioa, aldiz, kontenplazio prozesu batetik dator, non gaia bere osotasunean asimilatzen den: sinfonia osoa, alegia. Esperientzia honek prozesu neurologiko ezberdina dakar. Ez dugu guztiz ulertzen, baina zirrara eta oroimen ezabaezinak gordetzen diren leku sakonetara iristen da eta hitzak motz geratzen dira hura bere osotasunean azaltzeko.

Bizi dugun mundua balio ukigarrien arabera mugitzen den arren, gu garena, elementu ukiezinetan ere oinarritzen da. Landa-ingurune, mendi, baso eta leku ikonikoekin dugun lotura ez da azaleko gauza, gugan duten aztarnaren isla baizik. Gure arbasoek izan zutenaren ondoan leunagoa bai, baina haiek bizi izan ziren lekuek, familia-ohiturek eta gure txikitako bizipenek oraindik ere beren arrastoa utzi dute. Gure nortasunean bizi dira, eta kemenaren hazi dira!

Kontserbazioaren aldeko mugimenduak ikusten ditudanean geratzen zaizkigun azken ingurune basatiek ustiaketatik libratzeko konpromiso zintzo, ausarta eta hunkigarria sumatzen dut (2). Sarritan "grinatsutzat" jotzen diren horiek sutsuki erantzuten dute beraien, eta guztion, parte sentitzen duten zerbait desagertzeko arriskuan ikusten dutelako. Ez dute protesta egiten bakarrik, ordea.

Lurgaiaren zuhaitz landaketa Txaboletan
Lurgaiaren zuhaitz landaketa Txaboletan

Herri-ekimenak bultzatzen dituzte beren baliabide propioekin arriskuan dagoen hori berrezartzeko (3) edo administrazioaren ekimen hutsalak salatzeko (4).

Ingurune naturalak zaindu eta leheneratzeko aukerei ez bazaie orain heltzen, hondatzeko eta desagertzeko bide mailakatu eta gupidagabeari jarraitzera kondenatuak gaude. Hurrengo belaunaldiek naturarekiko lotura identitario ahuldu hori galduz,  ez da ordezko komunikazio-formaturik egongo gure seme-alabengan eta bilobengan sakoneko lotura hori iratzartzen duenik.

Amillubi baratze proiektua, Zestoa
Amillubi baratze proiektua, Zestoa

Baliabide naturalak balioztatzea kostatzen zaigun garai hauetan, zaila da kontserbazioaren kostu/onura erlazioa ezartzea. Naturaren onurak kalkula daitezke, baina elementu ukiezinak, hala nola ondare historikoa den ingurune batekin dugun lotura, nortasunean itsatsita dago. Balio ukiezina!

Natura kontserbatu edo berriztatzeko ekimenak beste herrialdetan aztertu ditudanean, “ondare” (legado, heritage, héritage, erbe) hitza beti agertzen da.


Fight for the Wild Zeelanda Berriko dokumentalaren argazki bat
Fight for the Wild Zeelanda Berriko dokumentalaren argazki bat

Gure herrialdekoaren populazio bikoitza baino pixka bat gehiagorekin, Zeelanda Berriak programa bat abiatu du bere lurralde osoko biodibertsitatea leheneratzeko (azaleran, gurea baino hogeita hamasei aldiz handiagoa dena, 5). Mobilizazio erraldoi horren motibazioa ulertzeko egin diren azterketa akademikoek erakutsi dute zeelandaberritarrek natura beraien nortasunarekin lotzen dutela eta beraiek jasotako “ondarea” dela (6).


Epe luzera, naturarekin dugun harremanak gure zoria argituko du. Nolanahi ere, gurekin edo gu gabe, itzuliko da.


Erreferentziak

1)         Naturaren sinesmen eta erabilera tradizionalei buruz, Jose Migel Barandiaranen "Euskal Herriko Mitoak" lan klasikoak zuhaitz, landare eta animaliekiko harremanari buruzko adibide asko biltzen ditu. Adibide deigarri bat da erleei "zutaz” deitzen zitzaiela eta familiako kide bat hiltzen zenean, berria erlauntzari formalki jakinarazten zitzaiela, jabetzaren aldaketak gertatzen zirean bezala, adibidez.

2)         Daniel Schmachtenbergerrek, duela urte batzuk ezagutu nuen pentsalari honek benetako aurrerapenaren ideia proposatzen du, aurrerapen xaloarekin alderatuz. Bigarrenak, gure aurrerapenen gauza on eta txar guztiak barne hartzen ditu. Danielek proposatu du alde negatiboak zuzentzeko lan egin behar dugula benetako aurrerapena lortzeko, eta merkatuko egungo indarrek aurrerantz baino ez dutela bultzatzen argudiatu du. Bideoa

3)         Garapenak eragindako kalteak iraultzeko herri ekimen asko sortu dira. Lurgaia Fundazioa  bertako espezieekin basoak birpopulatzen aritzen da.  Busturialdeako BASOS elkarteak baso bat erosi du basoa birpopulatzeko. Biolur elkarteak bultzatutako Amillubi proiektuak Zestoa inguruan lurrak erosi ditu nekazaritza ekologikoa eta birsortzailea praktikatzeko. Aitziber Sarobe basoak berreskuratzeko lanean ari den ekintzailea da. Bere testigantza bideo honetan ikus daiteke.

4)         Eguzki Taldeak ingurumenaren zaintzan administrazioaren utzikeriak maiz salatzen ditu. Adibidez Txingudiko paduran: 2024a ere bukatuko da Txingudiko San Lorentzo urmaela handitzeko lanen arrastorik gabe

5)         Fight for the Wild Zeelanda Berrian biodibertsitatea leheneratzeko programari buruzko lau dokumentalen izena da. Esteka honek  trailerra ikusteko aukera ematen du. Gainerako atalak erreprodukzio-zerrendan agertzen dira.

6)         Fight for the Wild: emotion and place in conservation, community formation, and national identity izeneko artikuluak  Zeelanda Berriko hainbat herritar euren herrialdean biodibertsitatea babesteko lan neketsuan parte hartzera bultzatzen dituen motibazioa aztertzen du.

7) Joseba Luzarragaren bideo honek argi adierazten du naturaren aldeko defentsa bultzatzen dituzten motibazioek. Kasu honetan, Urdabaiko Biosferaren Erreserba.


Oharra: Lan hau Hondarribiko Udaleko Euskara zerbitzuaren laguntzaz zuzendu da.

Commentaires


HARPIDETZA

Harpidetu hitzaldi eta blogaren inguruko berriak jasotzeko.

Eskerrik asko harpidetzeagatik!

plant_edited.jpg

©Unai Ugalde 2025

bottom of page