Okupak seriearen lehen atala da hau. Industrialde batean hutsik geratu diren lurzatietan landareak aurkitu ditugu. Sarrera honetan, berrezartze prozesuan Aitzindariak diren landareak aurkeztuko ditugu.
Testuingurua
Irungo Araso Industrialdearen inaugurazioa 2009ko urrian izan zen (behean).
Garai hartan, eta geroztik, pabiloiak eraiki izan dira urteetan zehar. Hala ere, hainbat lurzati hutsik jarraitzen dute. Gaur egun kamioilariak eremu baketsu hauetan atsedena hartu edo gaua pasatzera hurbiltzen dira.
Hasierako harrixka grisez estalitako azalera, urteak pasata, itxura aseptikoa galtzen joan da (behean). Natura zauri zabal hauetan berrezartzen hasia da.
Istorio honen protagonistek jatorri anitzak dituzte. Batzuk etxekoak eta ezagunak dira. Besteak, ordea, kanpotik ekarriak eta izen arrunt gabeak. Denak multzo berean pilatuak, askotan, ezagutu-ez, ikusi-ez edo gutxiesten ditugu. Sasiak dira!
Aitzindariak
Industrialdea eraiki zutenean, espaloietan urkiak landatu zituzten. Nahita jarritako zuhaitz hauek ez dute hiru metroko altuera gainditu, azpitik mugatuak izanik, baina nagusiki, egin dizkieten inausketa basatiengatik (txikizio esatea hobeto legoke!).
Aldiz, gonbidapenik gabeko maizter berriak iritsi, bertan egokitu eta aurrera doaz.
Lursailetako bazterretan, Makal beltzak (Populus nigra) ikusten dira. Batzuk sei edo zazpi metroko neurria dute, jada. Makal beltza lursail harrotuak eta ibai ertzak okupatzen dituen lehenetariko zuhaitza da. Lur bustia du gustuko, nahiz eta elikagaiez pobrea izan. Bere haziak lumak bezain arinki garraiatzen ditu haizeak. Ernaltzeko, berriz, behar dituten baldintzak, sinpleak dira: hezetasuna eta argia. Azken honek adierazten die eremua zabalik dagoela, ez dagoela lehiakiderik, landare aitzindaria baita Makal beltza. Beste landareentzat pobreak diren lurrak beretzat aproposak dira. Landare aitzindariek amankomunean duten gaitasun aparta da hau. Beraien sustraiek harreman bereziak sortzen dituzte lurrazpiko mikroorganismoekin, auzolan estuan elkarri lagunduz. Landareak fotosintesiaren bidez sortutako azukreak mikroorganismoei eskaini eta haiengandik trukean, harrietatik mehatzen duten sufre, fosforo eta bestelako elementuak lortzen dituzte. Elkar-lan honek bi izaki mota hauei balio die ibaien hondar bazterretan bizitzeko.
Lursaileko beste txoko batzuk lehorrak eta trinkoak dira. Ustekabeko inguru horietan beste
zuhaixka aitzindari batzuek dihardute. Bacharis halimifolia (gazteleraz, Chicla izenenekoa) lore zuriz hornitua, Ipar Amerikatik etorria da. Mexiko eta Estatu Batuetan arnasketa arazoetako erremedio gisa erabiltzen da. Gurean, ordea, izenik gabeko espezie inbaditzailetzat hartzen da. Beste Zuhaixka deigarri bat Dittrichia viscosa da (behean), lore horiz jantzia. Jatorriz Mediterraneoko zonaldekoa, malariaren kontrako sendabelar gisa erabili ohi zen. Gurean, berriz sasi etorkin anonimoa da.
Azkenik, Salix cinerea (Suhats hauskara), hirugarren zuhaixka, bertan aurkitzen da eta Europa eta Eurasian zehar ugaria da.
Belarkaren artean, Melilotus albus (Itsabalki zuri), Medicago lupulina, eta Lotus corniculatus (Mendiko uso-belar) lekadunak dira. Familia honetako kideek haien sustraietan egindako noduluetan tratu bereziak dituzte airetik nitrogenoa bildu dezaketen bakterioekin (Rhizobium). Honek aukera ematen die inguru pobreetan erabateko abantaila edukitzeko.
Conyza canadiensis (behean), Sporobolus indicus eta Cyperus eragrostis ezagunak dira inguru zailetan ezartzeko duten gaitasunagatik. Azkenaren lehengusu batek, petrolioz kutsatutako hondarrean hazteko gaitasuna erakutsia du. Typha latifolia lur ureztatuetan edo
putzuak sortzen diren lekuetan hazten da eta gure lursailean dauden putzuen jabe bihurtu da. Inguruaren itxura ikusita, landare hauen guztien erakustaldiak adierazten digu beraien apartako trebeziez itsu gaudela oraindik.
Ikusitako landareen aithindarien zerrenda beheko Taulan agertzen dira.
Izen Zientifikoa | Izen Arrunta | Banaketa | Landare mota |
Makal beltz | Eurasia | Zuhaitza | |
Ez du | Ipar Amerika | Zuhaixka | |
Ez du | Mediterraneoa | Zuhaixka | |
Zuhaitz hauskara | Eurasia | Zuhaixka | |
Ez du | Ipar Amerika | Belarkia | |
Itsabalki zuri | Eurasia | Belarkia | |
Ez du | Europa - Asia | Belarkia | |
Lezka hostozabal | Orokorra | Belarkia | |
Ez du | Hego Amerika | Belarkia | |
Ez du | Amerika | Belarkia | |
Menduko uso-belar | Europa - Afrika | Belarkia |
Landare aitzindariak ez dira era egonkorrean ezartzen, ordea. Beraien hazkundeak, aldi berean, aldaketak eragiten ditu beraien inguruan. Denboraren poderioz, beraien hostoen pilaketa eta degradazioak lur berriaren sortze efektua ekartzen du. Honek, aldiz, bidea zabaltzen die ondorengo landareei. Segida Ekologikoa deritzon prozesuak aitzindarien desagerpena eta ondorengoen ezartzea gauzatzen du, izaki multzo desberdinen ordezkatzea kateatuz.
Ondorioa
Sarrera honetan landare Aitzindariak aurkeztu ditugu. Oso egoera zailetan gustora bizi dira. Beste landareekin, aldiz, lehian egotea ez dute gogoko. Beraz, lehenak izan arren, bidea zabaltzen dute ondorengo landareentzat. Beraz, Aitzindariak hemendik hara doaz leku nahastu eta pobreetan bizitzen. Landare ibiltariak dira.
Hurrengo atalean beraien atzetik datozen Ondorengoak ezagutuko ditugu. Bestalde, Sasiak amankomunean dituzten ezaugarriei begirada bat emango diegu.
Oharra: Lan hau Hondarribiko Udaleko Euskara zerbitzuaren laguntzaz zuzendu da.
Comments