Ondorengoak
- unaiugalde
- Nov 4, 2022
- 5 min read
Updated: Jan 29, 2024
Okupak seriearen bigarren atala da hau. Industrialdea batean utzik geratu diren lurzatietan landareak aurkitu ditugu. Sarrera honetan, berrezartze prozesuan Ondorengoak diren landareak ezagutuko ditugu.
Ondorengoak
Gure Araso Industrialdean, ondorengo landareak jada agertu dira leku batzuetan. Makal beltzen alboan,

Fraxinus excelsion (Lizar) ale gazte batzuk ezarri dira eta bi Aacer pseudoplatanus (Astigar zuri) ale topatu ditut lursailen ertzetan. Hauek, aitzindarien aldean, beste mota bateko zuhaitzak dira. Makal beltzak, berak bakarrik, 200 urtetik gorako bizi iraupena badu ere, segidan datozen ondorengoen alboan 50 urtera jaitsi daiteke. Ondorengo lehiakideak Makal beltza estaltzen joango dira, zuhaitz aitzindaria ahulduz eta azkenean, ordezkatuz. Lizarra (eskuineko argazkia) ondorengo zuhaitza da eta lehiarako gaitasuna duena. Ehun (100) urtetik gora iraun dezake alboko zuhaitzekin bere lekua defendatzen. Astigar zuriak (behean), berriz, 40 metroko altuera

lortu dezake eta 500 urteko bizi iraupena izan dezake egoera berdinean. Zuhaitz hau espezie inbaditzaile gisa katalogatua dago hazi ugari egiten dituelako eta azkar ernaldu eta ezartzen direlako.
Belarkaren artean, Cortaderia selloana (Panpa-Lezka) aurkitzen da han eta hemen. Panpakoa izatez, gurean eta mundu osoan zabaldu dugu azken hamarkadetan. Belar handi hau izugarrizko erraztasunez ezartzen da guk harrotu edo landutako eremuetan. Hainbat landare inbaditzailerekin partekatzen du sustrai sistema sakon eta oso egonkor bat.Honek ahalbidetzen dio elikagaiak eskuratzea eta pilatzea.
Helminthotheca echioides, Symphyotrichum sabulatum eta Pulcaria dysenterica, denak asteraze edo izarkarak familiako kideak dira. Multzo honen barruan, talde berezi bateko kideak dira. Sustrai arruntak baino, errizoma bat daukate. Errizomaren izaera mamitsua aproposa da elikagaiak pilatzeko. Bestalde, lur trinkoak zulatzeko zuraren antzeko gogortasuna dauka.
Clinopodium douglasii (Mendafina), Mentha suaveolens (Astamenda) eta Mentha aquatica (Txipa-belar, eskubian) Lamiaceae edo Ezpaindunak familiako landareak dira.

Talde hau ezaguna dugu Euskal Herrian, erabilpen handia eman diogulako historian zehar. Hauek kimu esploratzaileak luzatzen dituzte lur azaletik leku egokienen bila. Gaitasun horrek abantailak ekartzen dizkiete, ezartze prozesuan nagusi izan daitezen.
Trifolium pratense, gurean Hirusta gorria, lekadun bat da. Bere lenhengusu aitzindarien ondorengoa da. Haien modura, Rhizobium bakterioaren laguntzaz sustraietako noduluetan, behar duen nitrogenoa airetik iristen zaio, baina beste landareekin aurrez-aurrezko lehian trebeagoa da. Askotan estaldura-laborantza gisa erabiltzen da nekazaritzan.
Amaranthus hybridus (eskuinean) erremolatxa eta ziazerbaren lehengusua da eta landare erruderala gisa ezaguna da.

Sustrai sendoa du, metro bateko altura hartzen du, argia ondo ekoiztuz eta hazi asko sortzen ditu. Egoera gogorretan, zurtoina eta hostoak galdu ondoren, sustraitatik beste landare berri bat birsortu dezake.
Rumex obtusifolius (behean) gure zelaietan maiz aurkitu daitekeen landarea da, bere hosto zabalak erroseta moduan eratuak, beste belar txikiak estaltzeko aproposak dira. Bere sustraia metro bateko sakonerara iristen da, eta hala beste belar askok lortu ezin duten elikagaiak eskuratzen ditu. Bere hostoak usteltzen direnean, aldiz, segidako hurrengo ondorengoek erabiliko dituzte ongarri gisa.

Hamar Ezaugarri Bereizgarri
Sasien definizio bateragarririk ez dago. Sasiak, gure iritziz lekuz kanpo, nahigabe sortuak edo testuinguru jakin batean kaltegarriak diren landareentzako izen bat da. Aurrez aipatutako Hirusta gorria erabili bada lur soro bati atsedena emateko, estaltze berde mesedegarria izango da. Aldiz, parke edo baratzean, sasi madarikatutzat har daiteke.
Sasien taldea orokorki begiratuta, maiz aurkitu ditzakegun hamar ezaugarri hauengatik bereiztu dezakegu:
Modu desberdinez ugaltzeko bideak: sexuala (hazi) edo asexuala (kimuak, sustrai edo zurtoineko zatiak). Askotan, gure landare kuttunenak kontu handiz zaindu behar ditugu ugaldu daitezen. Sasien artean, ordea, badaude edonola ugaldu daitezkeenak. Astamendak, esaterako, hazi asko sortzen ditu, baina kimurik txikiena landare bat sortzeko nahikoa da. Kentzeko asmoz, zenbat eta gehiago txikitu, orduan eta landare gehiago aterako zaizkizu.
Hazi asko sortzen dituzte. Panpa-Lezka landarearen panikula bakar batek 50.000 hazi sortu ditzake.
Hazi txikiak egiten dituzte. Makal beltzaren haziak 3-4 mm-koak dira. Gainera kotoizko ilaunez inguratuak daude, haizeak erraz eraman ditzan.
Haziek zabaltzeko modu espezialdua daukate (airez, uraz, itsatsita, etabar). Astigar zuriaren eta antzeko landareen haziak hegal motako forma dute airean planeatzeko. Bestalde, Conyza canadiensis eta beste familiko landareen haziak airez zabaltzen dira paraxutisten modura.
Errotik ateratzen saiatuz gero, zati bat bertan geratu eta beste landare bat ateratzeko gauza da. Pulcaria dysenterica edo ezagunagoak diren Taraxacum generoko landareek sustraia lurrean sendo uzten dute hostoetatik tira egiten bazaie. Sustraia, metro erdiko sakonerara iristen da.
Sustraiak edo enbor errizomak edo beste motako epe luzeko egonkortzeko estrukturak sortzen ditu. Adibidea, Rumex obtusifolius.
Inguru oso zailetan bizi dira. Itxuraz itsatsi ezinak diren lekuetan sendo ezartzen dira! Symphyotrichum subulatum.
Azkar hazteko gaitasuna. Rubus ulmifolius landareak, gurean Sasia izen duen landareak, udaran hamar zentrimetroko hazkundea izan dezake, azpian lehiakideak itzalean utziz!
Haziak era latentean edo lotan irauten dute lurrean. William Beale, Michigan Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak sasiekin kezkatuta zegoen XIX. gizaldiko erdialdean. Garai hartan sasiek urtez urte galera gero eta handiagoak sortzen zituzten. Frustrazioz etsita, Beale-ek pentsatu zuen sasien haziak denbora luzez iraun zezaketela egoera latentean (lotan) ernetzeko aukera egokiaren zain. Beraz, esperimentu bat asmatu zuen 1879-an. 20 botila hartu zituen, bakoitzean hogeita bat sasi espezietako haziak bildu zituen, guztira 1000 hazi botila bakoitzean, eta denak nahastu eta hondarra hornitu zien. Hori egin ondoren, botilak landatu buruz behera, muturra irekia utziz. Beraz, haziak kontaktuan egongo ziren inguruko lurrarekin. Bost urtero, botila bat lurpetik atera eta botilaren lurra prestazen zuen zenbat hazi ernaltzen ziren zenbatzeko. Beale-ren esperimentuak erakutsi zuen 1920 urtean, haziak bideragarriak jarraitzen zutela (Beale jada hilda zegoen!). Beraz, botilak 10 urtetik 10 urtera ateratzea erabaki zen eta 1990 urtean, 20 urtetik 20 urtera. Hazi guztiek ez dute beraien bideragarritasuna mantendu, baina askok bideragarriak ziren 100 urte lotan egon ondoren. Azken emaitzen bilduma 2002. urtean argitaratu zen. Egun, esperimentuak aurrera jarraitzen du! Zelai batek dituen ernaldu gabeko hazien dentsitateari Hazi Bankua deritzo arlo teknikoan. Lursoroen arabera, aldaketak espero daitezke, noski, baina Caloforniako Unibertsitateko Teknikarien arabera, 1000 eta 30.000 hazi aurkitu daitezke m2 bakoitzeko. Beraz, landareak epe motzeko estrtegiez gain, epe luzeko iraupen estrategiak garatu dituztela argi geratu da! Honetaz gehiako ikasteko ikus hemen.
Ondoko landareen hazkundea eragotzi edo mugatzeko ahalmena dute. Inguru pobreetara egokitu diren landareak, ondo moldatzen dira bakarrik. Egoerak berez lehiakideak baztertzen ditu, gainera. Ondorengoak, aldiz, lehiarako prestatuak egon behar dira eta mekanismo anitzak sortu dituzte horretarako: ondokoak estali, sustraiez edo kimuez lurra kendu edo lehiakideen hazkundea oztopatu. Azken honi Alelopatia deritzo. Alelopatia positiboa (lagundu) edo negatiboa (oztopatu) izan daiteke, ordea. Kasu honetan, Alelopatia negatiboaz arituko gara. Mentha spicata landareak -gure Mendabeltzak-, lurrean askatzen dituen konposatuek artoaren hazkundea eragozten dute. Pentsatu daiteke eraa berean beste landareei ere eragotziko diela. Mandabelarrak ezagunak dira beraien konposatu lurrunkorrengatik. Haietako helburu bat ondoko landare batzuen hazien ernalketa mugatzea da era bada! Amaranthus-ak estrategia bera erabiltzen du. Kasu honetan, ikusi da bere eragile alelokimikoak barazkien hazkundea eragozten dutela. Hauek adibide xume batzuk besterik ez dira. Asko dago ikusteko eta ikertzeko alor honetan!
Ondorioa
Nahi ala ez, Sasiak gure egitasmoen kontra agertzen eta zabaltzen diren landare lehiakorrak dira. Horregatik gaitzesten eta gutxiesten ditugu.
Baina onartu beharko dugu beraien arrakasta guri lotuta dagoela: guk ekarri (askotan) eta guk sustatu (edonon eta edonoiz inguru bat nahasten dugunean) ditugu. Zenbat eta gehiago jipoitu, are eta sendoago bueltatzen dira!
Ezin da ukatu, batzuetan guk egindako txikizioak beraiek osatzen dituztela. Bestelako onurak ekar ditzakete, gainera: intsektuak erakarri, botikak, elikagaiak eta lanerako tresnentzako materialak ere bai.
Bukatzeko, sasiak apalki adierazten digute gure nagusitasuna iragankorra dela!
Proposamena
Sasien inguruko sarrera hauek idatzi ondoren Arason aurkitutako "sasiak" beste leku askotan topatu ditut. Zure etxe inguruko parke, pasealeku edo lurzatietako landareei erreparatzera gonbidatzen zaitut. Gehienak erraz identifikatuko dituzu, sarreren argazkiekin konparatuz edo testuan sartutako loturei jarraituz. Beste aukera eder bat, landareak identifikatzeko doako aplikazioetako bat erabiltzea da. Azken hau, erraza eta dibertigarria da!
Oharra: Lan hau Hondarribiko Udaleko Euskara zerbitzuaren laguntzaz zuzendu da.
Comments