Eboluzioaren Esku Ikusezinak serieko laugarren atala da hau. Zelula anitzeko organismoak jorratu ondoren, orain izaki desberdinen arteko lankidetzaz arituko gara.
Testuingurua
Aurreko ataletan, bizitzaren sorrera, kolonien eraketa eta izaki zelulaniztunen bilakaera deskribatu ditugu. Kasu horiek antzeko zelulen arteko formulak dira.
Hemen, bizirauteko erronkari erantzuteko espezie desberdinen artean elkarterik sortu ote zen galderari erantzungo diogu. Partzuergoaren formulaz arituko gara.
Planetako lehen organismoak, LUCAren ondorengoak alegia, konposatu organiko ugari eta tenperatura epeleko inguruneetan sortu ziren (beheko irudiaren antzekoetan). Halere, haien genomak eta metabolismoak ahalbide mugatuak zituzten. Baina arrakasta izan zutenak ugaldu ahala, elikagaien agortzea gertatu zen.
Litekeena da hainbat hondakin-produktu metatu izana ere, gehigarrizko trabak ekarriz.
Aldaketa horien aurrean, hainbat izakiren arteko elkarketak ahalbidetu ziren egoera berriari erantzuna emateko.
Demagun, adibidez, aminoazidoez elikatzen diren bi organismo ditugula. Batak proteinak degradatzeko gaitasuna du, nahiz eta ingurune azido batean bizitzeko ahalmenik ez izan. Besteak egoera azidoa neutralizatzeko gaitasuna badu baina proteinak degradatzeko gaitasunik ez, ordea. Biek batera iraun lezakete proteinatan aberatsa den ingurune azidoan, lehenak degradatu egingo bailituzke eta bigarrenak, berriz, ingurune azidoa neutralizatuko lukeelako. Biek aminoazidoak partekatuko lituzkete. Bi partaideen artean zenbat eta gaitasun osagarri gehiago izan, orduan eta onura handiagoa ekarriko lieke partzuergoak. Elkarlan mota hau ziurrenik planetako bizitzaren lehen etapetatik gertatu zen eta gaur egun bizitzaren zutabe sendoenetako bat bilakatu da. Adibide argigarri batekin hasiko gara: Kefir-a.
Kefir-a
Gizakiok hartzidura laktikoaz baliatu gara esnetik laktosa gutxi duten produktuak lortzeko. Hauek helduentzako elikagai egokiagoak dira laktosak haurtzaroaz kanpo digestio arazoak ekarri ditzakeelako eta laktosarik gabeko produktuak kontserbazio ezaugarri hobeagoak dituelako. Jogurta eta gazta, besteak beste, denok ezagutzen ditugun adibideak dira.
Kefir-a Kaukasotik datorren produktua da, eta duela 2.000urtetik gutxienez ezaguna da.
Bereizten duen ezaugarria da hartzidura egiten duen eragilea 60 mikroorganismo inguruko partzuergo bat dela: Kefir- alea (eskuineko irudia).
Nazioarteko talde ospetsu batek Kefir-alearen bazkideen arteko harremanei buruzko lan bat argitaratu zuen 2021ean eta haren funtzionamenduaren gakoak zehazki azaldu ere. Ale barruko mikroorganismoen konposizioa nahiko maila berean mantentzen da hartziduran zehar. Eraldaketak kanpoko ingurune likidoan gertatzen dira, non partzuergoko kideek etapetan banatzen duten beraien zeregina. Lehenengo fasean, talde batek laktosa kontsumitzen du eta azido laktikoa sortzen du, besteak beste. Hurrengo etapetan, zenbait kidek azido laktikoa kontsumitu, eta proteinaren eta gantzen hidrolisia burutzen dituzte. Prozesu horiekin batera, hazkundea gertatzen da, eta sortutako mikroorganismo berriak pikor primarioari atxiki dakizkioke edo ale berriak sor ditzakete. Laburbilduz, 7 egunetik 12ra bitarteko hartzidura honetan, fase likidoaren osaera aldatzen joaten da partzuergoko kideek prozesuan parte hartzen duten era berean.
Parte-hartzaile kopuru handi baten aurrean, galdera hau egin daiteke: komunitateko kideen artean lehia edo antagonismo-harremanik al dagoen. Ikertzaileek egiaztatu zuten halako hartu-emanak bazeudela. Baina, harrigarria bada ere, hartu-eman motak aldatzen dira hartzidura fasearen arabera. Bi partzuergo kide lehian egon daitezke hartziduraren fase batean, baina beste batean elkarri lagundu.Honek erakusten digu ezen, fase puntualetan galtzaileak eta irabazleak egon arren, elkarreragin guztien balantze orokorra positiboa dela partzuergoko kide guztientzat.
Kefir alearen egiturak bere garrantzia du, kideguztiak bertan mantentzea bermatzen baitu! Horrela,esne freskoa berriro topatuz gero, prozesua burutzeko ez da lantalde kiderik faltako.
Bitxia bada ere, aleetan ugariena den Lactobacillus kefiranofaciens bakterioa esne freskoan hazteko gutxien egokitzen denetako bat da; beste batzuen lanaz baliatzen da.
Baina kide honen ekarpena ez da nolanahikoa, partzuergoa batzen duen polimeroa (kefiran-a) berak bakarrik egiten baitu!
Kefir alea jatorri eta kalitate desberdinetako esneetara egokitzeko gai da, hain zuzen ere, partzuergoaren biodibertsitateak horretarako gaitasuna baliatzen diolako, bakarrik jarduten duten organismoek ez bezala.
Irudi bat sartu dut (Goiko irudia), partzuergoko kideen arteko harremanen konplexutasunaren adierazgarri gisa. Ikus daitekeenez, partaideen arteko bost harreman-mota identifikatu dira (ikus kolorezko kodea). Jatorrizko artikulua astunegia da espezialista ez direnentzat. Baina laburpen honek errazago islatzen ditu lanaren ondorioak. Hemen azalpen landuxeagoa aurkituko duzu.
Lurzoruaren partzuergoak
Duela 500 milioi urte inguru itsasotik lehorra kolonizatzeko lehen urratsak eman ziren. Hona hemen, erronka anizkoitz horren tamaina: lehortzeko arriskua, eguzki-erradiazio maila altuak jasatea, inguru solido batetik elikagaiak mehatzea eta tenperaturen aldaketa handiak igarotzea, besteak beste. Jauzi erraldoi hau ez zen bakarka eman, elkarlanean baizik. Lehortzearen arriskua saihesteko, pisu lehorraren halako 300 aldiz ura atxikitzeko gai diren hidrogelak sortu ziren. Erradiazioaren efektua irauliz, fotosintesiaren bidez energia lortzeko erabili zen, eta konposatu organikoen eskuragarritasuna atmosferako CO2 finkatuz eta ondoren azukreak sintetizatuz ebatzi zen.
Lehen aminoazido eta azido nukleiko gisa zegoen nitrogenoa zuzenean atmosferatik finkatu zuten zianobakterioen aitzindariek. Azkenik, mikroelementuak (Magnesioa, Potasioa, Zinka, eta abar) gatz mineraletatik mehatu ahal izan zituzten bakterio espezialdunek. Bakarka hartuz, ekarpen horiek ez zuten balio izango lehorra kolonizatzeko. Batuz, ordea, oztopo guztiak gainditu ziren.
Lehen partzuergo haren eguneko bertsioa lurzoruaren zarakar biologikoetan aurkitu daiteke.
Leku babesgabeetan dauden komunitateak, basamortuen azaletik (eskuineko irudia) Antartikako harritzetara, muturreko baldintzetan bizi dira, eta landare aitzindarientzako lurzorua egokitzen dute. Urrats horretatik aurrera, lurzorua materia organikoa metatuz doa eta beste eragile batzuk agertzen dira, hala nola zizareak, nematodoak eta intsektu txikiak. Lurzoru aberats baten gramoko 80.000 espezie aurkitu daiteke. Hauetatik hiru laurdena baino gehiago deskribatu gabeak.
Hain lotura estua eta antzinakoa duten komunitate horien funtzionamendua ulertzea da biologia modernoaren erronka handienetako bat. Teknika genomikoen bidez katalogatu ahal izango ditugu kideak, baita metabolomikaren bidez sortzen dituzten produktuak ere, erlojugintzako piezak balira bezala. Une honetan, ordea, sistema konplexu horiek bultzatzen dituzten mekanismoak argitzera ez gara oraindik iristen.
Partzuergo horiek anitzak eta konplexuak izateaz gain, badakigu zaurgarriak ere badirela; izan ere, kaltetzen edo nahasten ditugunean, nahiko motel osatzen dira (zenbait urtetan, basamortuen kasuan, adibidez).
Ezkerreko irudian, gure klimaren egoeran aurkitu daitekeen lurzoru-zarakar baten irudia erakusten da. Lur azpian bakterioak, algak, onddoak eta protozooak daude. Azaleran, gibeleko landareak, goroldioak eta likenak, lehortzetik eta eguzkitik babesa ematen dutenak. Behean, basamortuko zarakar-mozketa bat ageri da. Halako geruza bat osatzeko urteak behar dira, baina bera da azpiko lurzorua higaduratik eta lehortzetik babesten duena.
Ondorioa
Aurreko ataletan, eboluzio-faktore indartsu gisa lehiaketa aurkeztu dugu. Harraparitasuna eta parasitismoa ere laburki aipatu ditugu. Prozesu hauek egoera batera hobekien egokitutako izakiak hautatzeko erronka edo probatzat har ditzakegu. Bestalde, kolonietan, izaki zelulaniztunetan eta partzuergoetan probak gainditzeko erantzun berriak dira. Indar horiek guztiek (eta beste batzuek) eboluzioaren makinaren tresneria osatzen dute.
Kefir alearekin ikasi duguna da askotan hautatze probak eta erantzunak elkarrekin gertatzen direla. Bestalde, eboluzioaren tresneriak erantzuteko denbora eta aukera ematen duela erronkei erantzuna bilatzeko. Hala gertatzen ez denean ondorioa suntsipena da. Honetaz jarraituko dugu hurrengo ataletan.
Oharra: Lan hau Hondarribiko Udaleko Euskara zerbitzuaren laguntzaz zuzendu da.
Comments