Hau lau ataleko Zorria eta Auzokideak seriearen azkena da. Bertan, etxetik oso gertu dagoen auzo batean gertatzen diren hartu-emanak bisitatuko ditugu.
Testuingurua
Serie honen aurreko sarreretan, zorria eta landarearen arteko harreman estua, harraparien papera eta zorriak inurriekin duten bazkidetza jorratu ditugu. Atal honetan, intsektu-komunitateek etxeko inguruneetan (baratzeak, lorategiak edo balkoiak) dituzten desorekak aztertuko ditugu. Hainbat ekimenen bidez, gure inguruko intsektu-komunitateen oreka sustatzeko bidea zabalduko dugu datozen lerroetan.
Gure Inguruak
Milurtekoetan zehar, gure etxeak kanpoko mehatxuaren aurrean, ordena eta babes leku izan dira guretzat. Gure ohitura eta lehentasunak islatzen dituzte. Ez digu balio etxe bat ondo antolatuta egoteak, guk nahi bezala ez badago. Gure balkoiak, baratzeak eta lorategiak eremu pribatu horren kanpoko eremuak dira, eta sorpresarik baztertu ezin badugu, txikia izan dadila espero dugu!
Adibidez, nahiago ditugu gure gustuetara egokitutako landare-barietateak: hostoen neurriaren eta fruituen kolorearen arabera aukeratzen ditugu, eta hazirik gabeak hautatzen ditugu. Usain gabeko loreak ere sortu ditugu, intsektu gogaikarriak ez erakartzeko. Objektuen eta landareen kokapena ere diseinatzen dugu, irizpide estetiko edo praktiko baten arabera: gurea, noski! Etxean bezala.
Naturaren etxekotze horrek nolabaiteko gogobetetasuna sor dezake, sortzen duen nagusitasun-sentsazioagatik.
Testuinguru honetan, ustekabeko bisitari baten agerpena gure ordenaren urraketatzat har dezakegu. Edozein intsektu arrotzen agertzeak intsektizida ahaltsu bat erabiltzera eraman gaitzake, behin eta betiko desagertu dadin.
Horrelako bulkaden emaitza sendoa bezain iragankorra da, ordea. Gure ingurua zeharo etxekotuta mantentzeko, etengabeko arreta eta baliabideak eskaini beharko dizkiogu. Edozein hutsegiteak arrotzen berragerpena ekarriko du. Egoera etsigarri honek erakusten du diseinatu dugun etxekotutako ingurunea ez dela jasangarria. Horren arrazoietan sakontzeko, goazen, laburki, naturako sistemen dinamikari ekitea.
Etxekotuta ez dagoen leku batean, hala nola baso edo belardi natural batean (gure lurraldean ez dago guztiz basatia den ingurunerik), ikusiko dugu espezieei dagokionean askoz anitzagoa dela lorategi edo baratze bat baino.
Itxurazko nahasmenaren artean ez da espezie menderatzailerik ikusten (oso baldintza zehatzetan izan ezik, espezie batzuk besteak baino hobeto egokituta daudelako, adibidez, ihiak hezeguneetan). Izan ere, espezie horietako askok elkarrekin eboluzionatu dute bertan, eta haien bizi-zikloak lotuta daude. Ekologian, espezie desberdinen arteko hainbat harreman mota bereizten dira. Besteak beste: lehia, mutualismoa, amensalismoa, komentsalismoa, parasitismoa, harraparitza. Espezie horien harreman sare konplexua da parte hartzaileen arteko orekari eusten diona.
Ingurune natural batean, zorrien populazioa faktore askoren menpe dago, harrapariak barne. Hauek, ugaltzeko zorrien menpe egoteaz gain, beste izaki batzuekin lotuta daude ( beraien harrapariak, besteak beste!) eta horrela, hurrenez hurren, kate edo harreman-sare bat osatzen da.
Sare hauek narriadura txikiagoak dituztenean (espezie batzuk urriak dira edo ez daude), berreskuratu egin daitezke. Are gehiago, gerta daiteke zenbait espezie gutxituta daudenean, beste batzuek haien lekua hartzea.
Baina hondatze-maila zabala bada (lotura asko falta diren kasuetan) komunitatea ezin da orekatu. Horrek ekosistemaren desagertze partziala edo osoa dakar.
Itzul gaitezen, orain, gure landareko zorriaren istoriora. Landare ostalarian ezarri eta hurrengo egunetik, zorriak umeak eten gabe sortzen hasten da. Ugalketa emankor horren helburua kolonia bat eratzea da, harrapariek eragingo lituzketen baja ugariei aurre egiteko! Baina etxekotutako ingurune batean, horrelako galerak ez izateak zorri kopuruaren desoreka sortzen du, eta, aldi berean, arriskuan jartzen du landarearen iraupena.
Intsektiziden unean uneko aplikazioarekin egiten dugun esku-hartzea, jakina, zorrien aldi baterako kentzea ekar dezake. Baina kontrolpean mantentzeko modu bakarra tratamendua aldiro aplikatzea da. Horrek, era berean, beste espezie asko suntsi ditzake, eta komunitatea are gehiago kaltetu. Zorriek, berriz, intsektiziden eraginpean behin eta berriz egotera egokitzen dira. Tarte baten ondoren, tratamenduak bere eraginkortasuna galtzen joaten da. Laburbilduz, zorriaren kontrako borroka ez dago irabazita, biologikoki pobretua eta desorekatua dagoen ingurunean. Alderantziz, mehatxuak jarraitzen du!
Zorriei buruz hemen azaldu duguna beste kasu batzuetan ere gertatzen da.
Egoera honetan, etxeratutako ingurunea modu iraunkorrean kudeatu al daitekeen galde genezake.
Erantzunak biodibertsitatearen kudeaketarekin du zerikusia. Kontua ez da gure eremuak bere kabuz uztea (horrek ez du ziurtatzen epe laburrean komunitate egonkorrak sortuko direnik). Bada, ordea, gure inguruneak kudeatzeko bide bat: biodibertsitatea sustatzea, horretaz gozatzea eta eskaintzen dizkigun zerbitzuez baliatzea.
Lehenengo pausoa jarrera aldaketa barneratzea: kanpoko espazioa berezko domeinutzat hartu beharrean, naturarekin partekatutako ingurunetzat hartzea. Azken finean, izaki bizidunek milioika urte daramatzate beren nitxoetan, eta, seguru asko, haien bizitzaren zati txiki bat baino ez dugu ezagutzen. Auzotasun kontzeptuak aukera ematen digu haiek errespetatu, behatu eta gertutasun horretaz gozatzeko.
Bigarrenik, gure espazioak bisitatzen dituzten izakien beharrei eta parte hartzen duten komunitateei arreta eman behar diegu. Adibidez, ziklo biologikoaren etapetan zertaz elikatzen diren, urtaroetan nola irauten duten eta egunez eta gauez dituzten ohiturez ohartuz. Kasu batzuetan, baliteke xehetasunak ez ezagutzea, baina liburuetan, artikuluetan eta web orrietan kontsulta daitezke, edo pertsona trebatuen aholkua jaso. Gehienek gustura erantzuten dute, gainera!
Kontuan hartu beharreko hirugarren alderdia izaki bizidun baten edo izaki horrek beste batzuekin dituen harremanen inguruko alderdi guztiak inoiz ez ditugula ulertuko aitortzea da. John Haldane biologo britainiar ospetsuak zioen zelai baten zentimetro karratu baten konplexutasunak gizakiaren ulermena gainditzen duela. Onarpen horrek lagundu diezaguke gure kanpoko inguruneetan jarrera kontenplatiboagoa izaten. Ikasten ari garenarekin, kudeaketa atsegina egin ahal izango dugu, komunitateen finkapena sustatuz eta aldi berean, ikasiz.
Auzokide Berriak Erakartzen
Gure lorategira iritsi ondoren, istorio honen zorriak ehunka indibiduoren kolonia sortu zuen egun gutxi barru. Harraparirik agertzen ez bada, koloniaren ugalketak hostoen horitze (klorosia) eta landare osoaren heriotza ekar dezake.
Beraz, ingurunea egokitu egin behar dugu harrapariak erakartzeko eta elikagaiak haien eskura eta atseden-lekuak eskaini. Liztor parasitoideen helduak, sirfidoak eta krisopak nektarrez eta zenbait loreren polenaz elikatzen dira. Bertan iraun dezaten, beharrezkoa da gure inguruan espezie horietako egokiak diren landare batzuk jartzea. Ondoko taulan hiru harrapari-talde horiek gustoko dituzten landareak ageri dira.
Landareak aukeratzeko beste modu bat beste lorategi eta ingurune natural batzuk bisitatzea eta lore mota bakoitza nork bisitatzen duen egiasstatzea da. Ez dago arau finkorik! Bestalde, garrantzitsua da landareen loraldietan segida bat egotea, denboraldian zehar, gure auzokideek beti janari nahikoa eskura izan dezaten. Ez ditugu ekarri edo erosi behar (batzuk merkatuan eros daitezke). Baldintza egokiak lekuan jarriz, haiek berez iritsiko dira!
Harrapariak bertan eusteko beste alderdi garrantzitsu bat babesa ematen dieten inguruneak egokitzea da. Liztor parasitoideak hostoen azpialdean atseden hartzea gustatzen zaie, haizetik babestuta eta harraparirik gabe (adibidez, armiarmarik gabe).
Zuhaixka baten hostoek baldintza horiek betetzen dituzte. Sirifidoei dagokienez, heskaiak osatzen dituzten zuhaixkak gustatzen zaizkie. Marigorringoak leku askotan egiten dute lo, ezkutuan, hala nola zuhaitzen azalean, enbor pilatuetan, orbelaren artean eta landareen gainean. Krisopak egunez landare belarkara edo sasietan, zoi hezeetan eta haizetik babesturik daudenetan.
Laburbilduz, fruitu-zuhaixka bat edo gehiago dituen gunea, belar handia eta/edo metatutako zura duen eremua bat babesleku interesgarriak izan daitezke harraparientzat urte osoan atsedena hartzeko.
Baina inguru txiki bat, hala nola balkoia, baratzea edo lorategia, ezin da komunitate sendo baten bizi-leku osoa izan, tamainagatik besterik gabe. Hala ere, kanpotik laguntza lortzeko modu bat dago.
Gertuko Eremuen Eragina
Gure lorategia, balkoia edo baratzea gutxi ustiatuta dagoen natur gune baten inguruan (500m barruan) baldin badago, eremu horrek babesa emango dio. Hala ez bada, gurearen antzeko beste gune txiki eta zaindu batzuk inguruan egoteak sare moduko bat osatu dezakete, non espazio baten aldi baterako gabeziak gainerakoek konpentsa ditzaketen. Guk marigorringoei neguko aterpea eskaintzen ez badiegu, baina bizilagun batek eskaintzen badie, guk horren onurak partekatuko ditugu. Loraldien segidari dagokionez, errazagoa izango litzateke lauzpabost inguru hurbilen artean lortzea batean baino. Beraz, gure komunitateetako bizilagunen arteko lankidetzak gure bizilagunekiko harremanak hobetzeaz gain, gure kanpoko eremuetan bizi diren beste izakien komunitateak babestu ditzake.
Inurrien Kasua
Dagoeneko azaldu dugu zer harreman konplexua duten zorriak eta inurriek, nolako harreman konplexua duten, bigarrenak harraparien aurkako bazkide babesleak baitira. Kasu horretan, ordea, komeni da harrapariak neurri batean zorriengana iristea, izurritea saihesteko. Horrek esan nahi du inurrien sarbidea mugatu behar dugula. Baina hemen ez gara intsektu bakar batekin ari, intsektu sozial batekin baizik! Milaka ikerketa egin dira inurrien koloniei buruz. Sarrera honetan, etxekotutako inguruneetan duten presentziaren kontrolari buruzko alderdi praktiko batzuk aztertuko ditugu labur-labur.
Normalean, harrapariek etxekotutako inguruneak kolonizatzeko zailtasun gehiago dituzte inurriek baino. Izan ere, inurri-espezie batzuk gure inguruneetara egokitu dira. Gure artean, espezie arruntena Lasius niger da. Hiriguneak kolonizatzeaz gain, azken hamarkadetan zorrien artzain aditua da. Ez da harritzekoa inurri honekin topo egitea bosgarren solairuko balkoi batean. Horrek esan nahi du kolonia bat jartzeko hiru baldintzetako lehena betetzen dela: sarbidea izatea. Edozein arrailduren bidez, inurri esploratzaileak iristen dira. Bestela, arazorik gabe igo daitezke zuzenean paretatik igota. Bigarren baldintza jakia izatea da: ogi-hondarrak, galletak, elikagai gozoak (ezti-ihintza barne!) edo proteina asko dituztenak (edozein haragi!). Hirugarren baldintza ura izatea da (putzuak, landareak ureztatzeko tantak, arropa esekia, etab.). Hiru baldintza horietako bat falta bada, ez da inurri masarik ikusten. Esploratzaile solteak bakarrik.
Landareak dituen etxekotutako eremu batean, zorri batzuk badaude, janaria (ezti-ihintza) eta ura (landareak ureztatzea) badago. Beraz, inurri esploratzaile bakar batek altxorra aurkitzeko eta koloniari abisatzeko aukera handia dago.
Arrisku horren aurrean, inurrien agerpena masiboa saihesteko, eragile toxikorik gabeko hainbat neurri har daitezke.
Saiatu lurrean ahalik eta elikagai gutxien egon dadin: ogi-mamiak, galletak, azukredun konposatuak edo haragi zatiak.
Inurrientzako sarrera-hesiak jartzea: elementu itsaskorrak landarearen zurtoinaren inguruan, ura duten hobiak edo diatomita.
Inurriek esplorazio-ilara osatu duten tokietan, ondo garbitu (zoruak) edo ureztatu (lurra edo belarra) arrastoa ezabatzeko.
Beste estrategia batzuk erabili daitezke: piperbeltz hautsa, olio esentzialak (ezkaia, oreganoa, menda edo kanela), ehunetan edo paperean txertatuak, bikarbonato hautsa eta laranjen eta limoien azalak (mami-hondarrik gabe).
Inurriak balio elikagarriaren arabera mugitzen dira, distantziaren arabera baino gehiago. Ibilbide batek motzagoak diren beste batzuen aldean janari gehiago eskaintzen badu, hura aukeratuko dute. Elikagai-mota preziatuenak energia gehien ematen dutenak dira (azukre sinpleak, hala nola zorrien ezti ihintza).
Aipatutako metodoren bat edo besterekin sarrera mugatzen badugu, erreklutamendurako seinalea ez da zabalduko eta ondorio normalena esploratzaile solteak ikustea izango da. Garrantzizkoena da esploratzaileek elikagairik ez aurkitzea eta ondorioz, mezua ez zabaltzea!
Ondorioa
Gure etxekotutako guneen biodibertsitatea sustatzen duten elementuak sartuz, bidebatez izurriteen arriskuak gutxituko ditugu. Gainera, naturarekin dugun harremana hobetu eta gure etxearen inguruan ikuskizun berriak aurkitzeko aukerak handituko ditugu!
Oharrak
Intsektizidak eta beraien erabilera. Intsektiziden gaia zabala eta sakona da. Hona hemen ohartxo xume batzuk. IRAC erakundea arduratzen da intsektiziden erabileraz nekazaritzan eta inguru irekietan. YouTube kanal bat du. Gaiaren sarrera orokorra hemen ikus dezakezu (gazteleraz). Orokorrean, intsektizidak bi multzotan sailkatu daitezke: sistemikoak eta kontaktuzkoak. Sistemikoek, intsektuen barruan eragiten dute eta normalean hilgarriak dira. Batzuk landareetan sartu eta hor irauten dute;intsektuak haren zati bat jan edo zurrupatu ondoren, gaixotu edo hiltzen dira. Elikagaien eta ingurunearen segurtasunaren ikuspuntutik, intsektizida hauek arazoak sortzen dituzte. Bestalde, badaude kontaktuzko intsektizidak, epe laburrez irauten dutenak eta intsektuaren kanpotik eragiten dutenak. Besteak beste, Xaboi potasikoa eta Diatomita. Normalean, hauen eragina aplikatzen diren lekuetara mugatzen da eta beste inguruko intsektuei ez diete eraginik egiten. Hauen erabilerak balio du izurrite bat epe labur batez saihesteko, harrapariak eremura iritsi edo egokitzen diren bitartean. Jakoba Errekondoren Bizi Baratzea (Argia, 2015) liburuan, izurriteez (53. orr.) eta intsektizida natulalez (68. orr.) informazio baliagarria aurkitu daiteke. Bestelako gaietarako ere erreferentzia baliagarria da.
Gune etxokotuen biodibertsitatearen inguruko informazioa
Intsektu onuragarriak erakartzen dituzten landareak. Baratza Etxean (Eusko Jaurlaritza)
Bioaniztasuna sustatzen dituzten landareak. Ekogunea (Kutxa Fundazioa)
Baratzearen osasuna mantentzeko landareak. Ekogunea (Kutxa Fundazioa)
Nekazaritza profesionalean, hasi dira zorrien izurriteak kontrolatzen pestizidarik gabe! Hau da etorkizuna! Ikus bideoa.
Azken oharra: Lan hau Hondarribiko Udaleko Euskara zerbitzuaren laguntzaz zuzendu da.
.
Comentários