top of page
Search

Zorriaren Etsaiak

Updated: Jan 29

| 1 | 2 | 3 | 4 |

Lau ataleko Zorria eta Auzokoak seriearen barruan, bigarren atalada hau. Etxetik oso gertu daukagun zorriaren eremuan gertatzen diren hartuemanak bisitatuko ditugu.


Testuingurua

"Zorri Jauna" postean zorriaren eta landarearen arteko harreman sofistikatua aurkeztu genuen. Honakoan beste aktore batzuen parte-hartzea erantsiko dugu: “Zorriaren Etsaiak”. Egia esan, ez dago bikote honen artean gorrotorik, batak bestearen bazka izateaz beste. Bestalde, zorri jaleak landarearen laguntzat har litezke ere, baina ezin da benetako adiskidetasunez ezer aipatu. Nolanahi ere, lerro hauetan landuko ditugun intsektuak fauna onuragarritzat jotzen dituzte nekazariek!



Aurkezpena

Zorriak bere inguruan dituen mehatxuak ugariak dira. Bere leku berean tinko egoten da eta mugitzeko erabakia hartzen badu, astiro egiten du. Harrapariek, aldiz, ahalmen handia garatu dute hura aurkitu eta erasotzeko. Harrapari gisa oso ezagunak diren lau intsektu-talde aurkeztuko ditugu: liztor parasitoideak, sirfido euliak, amona mantangorriak eta krisopak (Chrysopidae).


1. Liztor parasitoideak , beraien arrautzak beste izaki batean sartzen dituen talde zabal bat dira. Haien larbak azaleratzen direnean, presa barrutik jaten dute. Liztor hauek duela 250-300

milioi urte sortu ziren, Permiar garaian. Hala, Brakonidoen familiako liztortxoek zorriak bilatzen dituzte euren arrautzak sartzeko. Honetan oso trebeak dira: aurrez zorria ziztada batez geldiarazi, eta ondoren, arrautza bakar bat injektatzen dute. Gure artean, espezie ugarienak Aphidius colemani eta Aphelinus abdominalis izenekoak dira. Intsektu helduak loreen nektar eta polenetik elikatzen dira.

2. Sirfido euliak liztor baten antzeko itxura dute. Mimesi honek harrapariengandik babesten

ditu. Eozenoan sortu ziren, duela 34 eta 56 milioi urte artean. Intsektu helduek, hala nola Episyrphus balteatus euli laranjak (goian), beren arrautzak zorrietatik gertu uzten dituzte. Larbak azaleratzen direnean, egunean hamarnaka zorri jateko gai dira hiru astez, pupa egiten hasi aurretik. Helduak loreetara jotzen dute bazkaren bila eta oso polinizatzaile preziatuak dira. Bideo honetan, helduak eta larbak, liztor parasitoide batekin daude ikusgai.

3. Amona mantangorriak intsektu ezagunak dira beren kolore eta puntuengatik. Coccinelidae izeneko familia bat da, kakalardoekin zerikusia duena. Duela 145 eta 66 milioi

urte sortu ziren Kretazeo garaian. Helduak intsektu txikiez elikatzen dira, baina zorriak dituzte gustuko. Amona mantangorri batek berrogei zorri jan ditzake egunean. Emeak arrautzak jartzen ditu zorrien alboan eta larbak gogo handiz elikatzen dira haiekin. Bideo honetan haien bizi-zikloa ikus daiteke.

4. Krisopak (Chrysopidae) familiakoek itxura arina dute eta hego handiak eta askotan gardenak dituzte. Orain dela 145 eta 66 milioi urte bitartean sortu zirela uste da. Helduak

polenez eta nektarrez elikatzen dira, gauez. Larbak, aldiz, zorri jale amorratuak dira. Chrysoperla generokoek biziki jaten dituzte gure baratzetan. Helduek zorriak dauden landareetan arrautzak jartzen dituzte. Larbak jaio eta zorrien bila hasten dira. Bideo honetan haien bizi-zikloa ikus daiteke.

Lau talde horiez gain, beste batzuk. Hala nola eltxo txikiak (Aphidoletes aphidimyza). Haien larbek zorriak geldiarazi eta estilete moduko hodi baten bidez xurgatzen dituzte (bideoa).


Nola iristen dira harrapariak zorriengana

Harrapariak gai dira zorria aurkitzeko, zailtasun handiak gaindituz:

a. Zorriak intsektu txikiak dira, haiek hartzen dituzten landareen aldean.

b. Zorriak parasito espezialdunak dira. Beraz, landare espezie batzuek baizik ez dituzte ostalaritzat hartuko.

c. Zorrien landare ostalarien artean, batzuk parasitatuta egongo dira eta beste batzuk ez.


Azken lau hamarkadetan egindako ikerketen arabera, harrapariek zorridun landareak aurkitzeko usaimen-arrastoa erabiltzen dute. Landare bakoitzak batez beste 40 substantzia lurrunkor isurtzen baditu (loreenak aparte), landare hori besteengandik bereizten duten hogei-bat substantziek landarearen usaimen-aztarna osatuko lukete. Aztarna hauek osagai komunak badituzte ere, haien proportzioen aldeak, osagai bereizgarri batzuekin batera, zehazki markatuko dute landare bakoitzaren usaimen aztarna.

Gizakien eremura eramanez kontzeptua, gure platerak ezagutzeko guk ere usaimen aztarnak erabiltzen ditugu: bakailaoa pil-pilean, arroz-esnea, itsaski-paella edo txibiak tintan…..Guzti hauek guk ezagutzen ditugun modu berean, harrapariek landareen usaimen-aztarna erabiltzen dute.


Beraiek gu baino askoz usaimen finagoa dutela argitu behar da, ordea. Urrutitik landareak atzemateko gai badira ere, beste hega usaimenen interferentziak baztertu behar dituzte (loreen usain gozoak, esaterako); izan ere, beste usain horiek maila handiagokoak dira (eta ez gara sartuko guk sortutako substantziek eragiten dizkieten arazoez!).

Ostalari-landarearen detekzioa da lokalizazio prozesuko lehen maila. Bigarrena, zorri gabeko eta zorriez kutsatutako landareak bereiztea da.

Honakoan, usaimen aztarnako bi elementu bereziez baliatzen dira harrapariak landare zorridunak antzemateko:

a. Aurreko "Zorri Jauna" postean zorriek melaza azukredun bat kanporatzen dutela aipatzen zen. Izan ere, frogatuta dago heste-traktuan igarotzen diren bakterioek melaza hartzitzen dutela, eta substantzia lurrunkor bat askatzen dutela, zorria agerian utziz. Badirudi zorrien feromonek (hormona lurrunkorrak) ere lan bera betetzen dutela.

b. Kutsatutako landarearen usaimen aztarnaren aldaketa bat gertatzen da zorriaren eraginaren erantzule gisa. Batzuk argudiatzen dute hori ez da infekzioaren ondorio bat, baizik eta landareak harrapariei bideratutako laguntza-dei bat. Ikertzaileak adi daude interpretazio horiei buruz; izan ere, hala izanez gero, lehiatzeko abantaila ematen duen eta genetikoki kutsa daitekeen mekanismo jakin bat frogatu beharko litzateke, eta hori oraindik ez da gertatu.

c. Zorrietatik hurbil daudenean, liztor parasitoideek, begiz eta haztatuz, aztertu dezakete zorri bakoitza egokia den larba baten garapena sostengatzeko.

Datu hauekin, pentsa genezake zorriaren kokapenaren misterioa nahiko argitua dagoela. Hala ere, beste kroska bat geratzen da gaia zeharo argitzeko.


Duela hiru hamarkada, gai honi buruzko lanak argitaratzen hasi zirenean, ikerlariak egiaztatzen hasi ziren laborategi desberdinetako emaitzak ez zirela alderagarriak. Usaimen aztarnen artean alde nabarmenak zeuden leku desberdinetan egindako lanen artean. Azkenean, ikerlariek ondorioztatu zuten lortutako emaitzen aldakortasuna leku batetik bestera berez gertatzen den aldakortasunean oinarritzen zela. Hala ere, harrapariek ez zuten inoiz akatsik egiten! Begi bistako etsipen horren ondoren, galdera berri hau sortu zen: usaimen-aztarna genetikoki programaturiko ezaugarri bat izan ordez, ez ote da aldiro grabatzen den zerbait? Bada, hori baieztatu zen. Ikus dezagun!

Txikitatik amonaren arroz-esnearen usainaren oroimena barneratzen zaigun moduan, harraparien larbek eta heldu gazteek beren zorridun landare ostalarietako usaimen-aztarnak grabatzen dituzte. Helduaroan, zorriak aurkitzean, tokian tokiko usaimen-aztarna hori eguneratzen dute.

Ezin dut sarrera hau amaitu azken bitxikeria bat azaldu gabe. Orkidea batek bere loreek zorriez beteriko landareen usaimen-arrastoa isuritzea lortu du, euli sirfidoak engainatuz eta horrela bere loreak poliniza

dezaten. Ez da truko txarra, ezta maltzurra ere; izan ere, euliek zorririk aurkitzen ez badute ere, nektar-tragotxo bat hartuz, saritxoa jasotzen dute bisitaren truke!

Ziur nago ezagutzen ez ditugun halako beste hamaika istorio daudela.




Ondorioa

Landare, zorri eta harraparien arteko harreman hirukoitza oinarri sakon eta egokigarrietan sustatzen da. Hainbat hamarkadetan aztertu da, eta oraindik asko falta zaigu ondo ulertzeko. Munduan, harrapari naturalek kontrolatzen dituzte zorrietako izurriteak. Haien biologia hobeto ezagutzeak eta haien estimuak lagundu diezaguke zorriak eragindako lorratzak maila onargarrietan mantentzen. Intsektizidetan oinarritutako estrategiek intsektu-fauna osoari eragiten diote, eta arriskuak ekar dezakete naturaren sareko beste izakientzat. Epe luzera, haietara egokitzen diren barietateak sortzen dira, gainera.

Gai hau ez da hemen amaitzen. Hurrengo atalean zorriak harrapariengandik babesten dituzten bazkideei helduko diegu: inurriak!

Gai hau ez da hemen amaitzen. Hurrengo atalean zorriak harrapariengandik babestu dituzten bazkideei helduko diegu: inurriak!

Oharra: Lan hau Hondarribiko Udaleko Euskara zerbitzuaren laguntzaz zuzendu da.

Comments


HARPIDETZA

Harpidetu hitzaldi eta blogaren inguruko berriak jasotzeko.

Eskerrik asko harpidetzeagatik!

plant_edited.jpg
bottom of page