Marinelen Itsasbidea pasealekua lasai zegoen uztaileko goiz hartan. Haize freskoa arin zebilen, itsasoak harkaitzak laztantzen zituen eta eguzkia hodeien artetik tarteka irteten zen. Paseatzaile batzuk lasai-lasai zebiltzan. Ez dut gehiago oroitzen, apenas bainengoen han, nire gauzetan murgilduta. Baina lipar batean nire pentsamenduak lurrundu eta nire zentzumen guztiak leku batera bideratu ziren.
Nire aurretik metro batzuetara zakur batekin zihoan gizon batek pasealekua inguratzen duten pinuetako baten parean gelditu eta, eskuez arinki bermaturik, musu eman zion. Gizonaren eta txakurraren mugimendu bateratuek erritu baten lekuko izan nintzela ohartu zidaten. Jakingura nitaz jabetzen hasia zela ohartu nintzen, eta gizonarengana hurbiltzera bultzatzen ninduen, baina lotsaizunez, eutsi egin nion. Gizona urruntzen zen bitartean, zuhaitzaren aurrean gelditzea erabaki nuen gertatutakoa neure kabuz argitzen saiatzeko.

Gizonaren eta zakurraren keinu bateratuak ohituraren seinale ziren. Bazirudien erritua bereziki zuhaitz horri zuzendua zegoela. Zuhaitza pinazi-pinuetako lerroan hamahirugarrena zen arren, sineskeriaren teoria ez zetorren bat ikusitako keinu xamurrekin.
Hildakoak zuhaitz itxuran berraragitzen zirela uste zuten kulturetako oroitzapenak etorri zitzaizkidan, Mayatarrenak bezala. Baina, neure buruari errieta eginez, ideia ero hori baztertu eta, neure burua lasaiaraziz, musuak desagertutako pertsona maite batekin zerikusia izan zezakeela ebatzi nuen. Zuhaitzaren ondoan hil izango ote zen, ala izandako topaketa gogoangarri bat gertatu? Huraxe izango zen, again, maiteari azken aldiz musu eman ahal izango zion lekua...Asmakizunen bideak ez ninduela zalantzen zurrunbilotik aterako ohartzen hasia nintzen. Baina zuhaitzaren ondo-ondoan nengoen, eta pentsatu nuen hari musu emateak zerbait gehiago ekar ziezadakeela, behar nuen kable hori.
Hurbildu ahala, sentsazio deseroso bat sentitu nuen, norbaiten eremu pertsonalaren muga gainditzen ari nintzela, alegia.

Aurrera jarraitzeko ahaleginak egin behar izan nituen. Azaletik hamarren bat zentimetrora nengoela, lekua handitu egin zela zirudien, eta mendi baten magalean nengoela iruditu zitzaidan. Azaleko pitzadurak elkarrekin komunikatzen ziren errekatxo lehorren antzera. Haien barnean, liken batzuk, iratze lehorrak eta intsektuen aztarnak ikus zitezkeen. Banekien arrakala horiek izaki bizidun askori aterpea ematen dietela, batez ere negualdian.
Poliki-poliki hiruzpalau metroko altuerara begiratuz, adar handien gainean goroldio lehorreko estalkiak ikusi ahal izan nituen. Harantzago, adaburutik hurbil, adarrak ugaldu eta argaldu egiten ziren, eta hantxe karnabak kantari eta jirabiraka zenbiltzan.
Goian, sei-zazpi bat metrora, pinu-orratz geruza trinko batek zuhaitzaren adaburua osatzen zuen, beheko zatiei eta

biztanleei itzala eta haizetik babesa emanez. Irakurria nuen zuhaitzen adaburuek beheko zatien aldean bestelako ekologia dutela. Inurri, iratze, goroldio eta intsektu espezie jakin batzuk zuhaitzen aireko ekosistema hartan baino ez dira aurkitzen. Ikuskizunaren aurrean, ez nintzen harritzen.
Abentura amaituta, etxera itzuli nintzen, beste ezertan pentsatu ezinik.
Egun batzuk geroago, eguraldia aldatu egin zen, eta lanbroa itsasotik sartu zen zirimiri arin batekin. Presaka joan nintzen zuhaitza ikustera, urak ekarriko zituen aldaketei erreparatzeko.

Oraingoan, axolik gabe hurbildu nintzen, ezagunak ginen. Goitik begiratzen hasi nintzaion. Adaburuko orratzak lanbro tantatxoak biltzen ari ziren, eta ura pelikula mehe bat bezala jaisten zen adaxka sarean behera, azaleko zirrikituetara iritsi arte, non ur-hariak sortzen hasten baitziren. Horiek elkartu eta emaria handitzen zihoan heinean, arrakala gero eta zabalago eta sakonagoetan zehar igarotzen zen. Nire parera iritsi zenerako, ura txorrotadatxoetan jaisten zen. Pasaeran, urak pitzadurak gordetzen zituzten izakiak bustitzen zituen. Goroldio-geruzak marroitik berdera aldatzen hasiak ziren, eta iratze lehorrak jada birsortuak ziren. Behean, Lurra poliki bustitzen zen, xukadarik edo errekastorik sortu gabe. Zuhaitzak bere ureztatze-sistema propioa zuen, bere eta bere gainean eta azpian bizi zirenen beharretara egokitua.

Pinu hari emandako musuak ulertarazi zidan, zuhaitz soil baten aurrean baino, dotorezia miresgarriko sistema bizi konplexu baten aurrean negoela. Egunez egun, 80 urte baino gehiagoko bizitzan zehar eratua. Haren diseinua aro Jurasikoan hasitako proba eta akatsetan oinarritutako prozesu baten emaitza da. Mezu horrekin apalki erretiratu egin nintzen, metro batzuetan hari begirik kendu gabe. Urrundu ahala, konturatu nintzen ez niola musurik eman. Baina ez nintzen itzuli, zerbaitek geldiarazten ninduen. Nire heziketak, segur aski.
Handik pare bat astera, musuko protagonistarekin kasualitatez kalean topo egin nuen, eta, lotsa alde batera utzita, zuzenean galdetu nion gertakizunari buruz. Irribarrez erantzun zidan ezen, bere anaia zaharrenarekin gurpil-aulkian paseatzen ari zela, honek kontatu ziola urte askoan zuhaitz hari musu eman ziola, berari musua emateko eskatu ziola. Orain hilda dagoen anaiak hasitako errituari eusten dio, arrazoiak inoiz ezagutu ez bazituen ere. Bitxia bada ere, orain semeari, bera ez dagoenean, ohiturarekin jarraitzeko eskatzen dio.
Segur aski, naturarekin harremana izateko modu asko daude. Baina abiatzeko, gelditzea beharrezkoa eta aski da haren konplexutasun izugarria, edertasuna eta hura gordetzea zein garrantzitsua den barnean hartzeko. Bakoitzak dituen ezagutzek bereiztu dezakete estimu hori, baina ez dira ezinbestekoak.
Oharra: Lan hau Hondarribiko Udaleko Euskara zerbitzuaren laguntzaz zuzendu da.
댓글